Printzipio ona: edukiontzia ez da helburua izan behar, kultura-ekintza baizik. Hori irakurri dut UKBerrin, Getxoko zinegotzi bati elkarrizketan, Bilduko Maitane Nerekan zinegotziari hain zuzen ere. Oso esaldi sinplea, baina politika-zama itzelarekin. Izan ere, gure azken urteetako kultura-politika kontrakoa izan da. Beti esaten da erruduna Guggenheim dela, eta egia da. Bilboko eredu hori kopiatu da behin eta berriro edozein lekutarako eta edozein ekintzarako. Beti kontu bera: aurrekontu erraldoia eraikin ikusgarria egiteko (beti polita ez), eta diru gutxi kultura-aurrekontuetan kultura-ekintzak babesteko edo bultzatzeko.
Politika hori oso garestia izan da gure ondarerako. Diru mordoa ez badago, ez da ezer egiten, ondorioz, gure eraikinak utzita geratzen dira. Horrela gertatu da Galeako gazteluan (Getxon) eta horrela gertatu da Martiartuko dorrean (Erandion). Getxon onartu da gaztelua interpretazio zentroa bihurtzeko mozio bat, PSEk aurkeztutakoa,. Erandion partiduak berak aurkeztu du mozio bat Martiarturi buruz.
Mariartu dorrean EHUk pasa den hamarkadan ikerketa arkeologikoa egin zuen, ikerketa horrek kultura-zentro bat jartzeko lehenengo urratsa zen: erakusketak, gazteentzako ikasgelak…eta jatetxe txiki bat (hasieran beti dira txikiak, behin hasita konturatzen dira gune zabalagoa behar dutela). Horretarako, eraikinean oso lan erraldoia egin behar zuen udalak, eta laguntza behar izan zuen. Askotan gertatzen denez, dirua ez zen heldu, eta egitasmoa gelditu zen (Galeako gazteluaren prozesuaren klonazioa).
Egitasmo erraldoi horiek kale egiten dutenean, zer egiten du instituzioak? Ezer ez. Ahazten dute eta utzita geratzen da. Eraikina inporta ez zaiolako, eta kultura ondarea inporta ez zaiolako. Martiartuko mantenamendua merkea da. Urtean behin garbitu. Zelatu hormak, batez ere goiko partean, euriak ez desegiteko; zaindu eta errematatu hormak; atea jarri eta ireki astean behin utzita dagoela ez emateko; eta barruko partea garbi, landare gehiegirik gabe egoteko (zuhaitzak batez ere). Kito. Horrela mantenduko da dorrea, duina eta historiaren lekukoa, Dorre hori ez da inoiz egongo hobeto, alda dezakegu erabilera, beste egitura batzuk (berr)eraikiko ditugu, baina dorrearen irudia ez da hobera joango, ondareari dagokionez behintzat. Zenbat gastatu dugu orain arte? Gutxi, udal-mantenamenduak eta teknikariek egin dezakete dena, laguntza gutxi batekin. Gero, horren ondoren, zabaltzeko eta kultura ekintzak antolatu, eskola-bisitak, horri buruzko erakusketak, hitzaldiak, eskola materiala… hori da zailena, baina beste kontu bat da, eraikina mantentzea borondatea besterik ez da behar. Galeako gazteluaren bezala, hondakina da, eta hondakinak merke mantentzen dira. Bilduko zinegotzia ondo esaten zuen bezala, eraikin-egitasmo erraldoiak ez dira behar, egitasmo erraldoiak baizik, eta, sarritan, egitasmo umilek eragin erraldoia izan dezakete.