Ostiral honetan, Algortan, Azebarri Kultura Elkarteak bere egoitza ”inauguratu” zuen. Elkarte baten sorrerak ez zuen behar izan berria, baina bada. Azebarrik bi joera izango omen ditu: kultura eta gastronomia (Euskal Herrian, bazkaldu gabe…). Hau da, txoko izango da, eta kultura ekimenak antolatu eta bultzatuko ditu. Elkarte askok dituzte helburu horiek, bertako ñabardura, berriz, euskara izango da.
Ezohiko proiektua dela agerian geratu zen inaugurazioan, alkatea eta kultura zinegotziak joan ziren eta. Bistan dago Azebarri txoko baino gehiagoa (izan behar) dela, eta horrela atzematen dugu guztiok. Alkateaz gain, inaugurazioan, aurreskua, bertsoak (oso ondo mutikoa, eta adierazgarria hautaketa), bideoa (laburra, esanguratsua eta polita eginda) eta luncha (Euskal Herrian, nola ez) egon zen.
Hasierako diskurtsoan, ordezkariak argi utzi zuen euskara izango dela horren funtzionamendu eta helburuaren ardatza. Birusaren analogia erabili zuen:txikia zein kutsakorra, adibide ezin hobea.
Jakina denez, Getxon elkarte asko daude, herriko soziologia eta kultura mailari esker. Euskara ardatzaz duten elkarteak ere egon badaude: ikasteko, hizkuntza bultzatzeko, bertsoak egiteko… Elkarte orokorra, kultura lan egiteko, euskaraz, ordea, ez geunden, eta beharrezkoa zen. Inbidiaz begiratzen diegu antzoki eta antzekoak dituzten herriei, bere ekimenak eta programazioa, xumeak batzuetan, handiak bestetan. Getxo, berriro soziologiagatik, gai izan behar zuen horrelako zerbait izateko.
Atzoko hasieran, herrian euskaran ia-ia zerbait diren guztiak zeuden. Hasiera ona ere izan zen diskurtsoa eta bideoa, bata eta bestea txapuza eta bat-batekotasunetik urrun izan baitziren; txokotik urrun eta kultur elkartetik hurbil.
Denbora emango diogu. Errodaje eta denbora behar izango du; instituzioen bermea ere bai, kultur elkarte guztiak bezala; eta, nola ez, antolatzaileen ardura, lana eta zortea; baina gehien behar duena da, zalantzarik gabe, euskaldunon partizipazioa eta erreferentetzat hartzea. Euskaraz aukera gutxi badugu ere, alferrik galtzeko joera daukagu, gehienetan tuntunez.
Zorte ona, disfruta ditzatela txokoko ardoak eta bazkariak, baina, batez ere, antola ditzatela ekimen eta erreferentziak gure kulturaz gozatzeko eta bizitzeko.
Azebarri Algortan dago, Euskal Herria kalean 14-16.