Pasa den astean heldu zaigu BILDU-ren azken argitalpen. Politikan, badakigu, dena ezin da sinetsi. Ez bakarrik gezurtiz beteta egoteagatik, askotan, seguru, asmoa ona izan arren, hamaika zioagatik egia urrun dago (pragmatismoa, aukera…) Baina hori beste kontu bat da.
Batzuetan esan dugu Getxon BILDUk ez diola kasu gehiegi egiten ondareari. Ez da nobedade, inork ez du egiten eta. Azken hilabetetan PSEk, ordea, gogoz hartu omen ditu gai batzuk (gaztelua, Punta Begoña…) PPk ere saiakeraren bat egin du, baina gogorik gabe (ziur aski ez da berea), beste asmorik ez bazeuden. Hala ere, Bilduk, bultzada ematen die azken argitalpena kultura gaiei. Egia esan, ez da harritzeko, kultura-gaiaz (arazoz) josita baitago gure udalerria.
Punta Begoña eta Erromoko kultura-etxea agertzen dira komunikazioan. Ez dago ezer esateko, orokorrean 100% ados nago esandakoarekin. PSEk bezalakoa, ezkerretik etorritako proposamenak, norabide horretan joan behar dira, beste norabiderik ez baitago ondarea kudeatzeko, benetan kudeatzeko, ez ustiatzeko. Ñabardurak egongo dira gero zehaztasunetan, baina ez helburuetan.
Erromoko kultur etxea ere askotan agertu da blog honetan. Eraikina ez da garrantzitsuena, edukia baizik. Behin eta berriro esan dugu, guk eta askok, baina alperrik. Udalerri honetan beti ematen du azala dela nagusia. Sekulako Kultur etxea egingo dugu, kultura-ekimen txikiak sartzeko. Ez du ez hanka ez bururik. Behin amaituta, Algortakoa eta Erromokoa, ikusiko dugu kultura-zerbitzu guztiak hor zentralizatzen, kudeaketa hobeto egiteko? Ez, sortutako lekua betetzeko. Eraikinaren benetako balioa zein den jakiteko, Kultura-eskaintza berria jakin behar dugu, eta sentitzen dut, baina aldaketa, proposamen berriak eta diru gehiago ez dut ikusten.
Hala eta guztiz ere, BILDUko aldizkarian agertzen de puntu batekin ez nago ados, behin eta berriro, bi kasuetan, azpimarratzen du galdetu behar diola herriari. Ez nago ados. Kultura-politika ondo eraikitzen bada, ez da beharrezkoa erreferendumari egitea. Politikariek jakin behar dute zein diren beharrak eta nola bete. Horretarako, hori bai, kultura agente guztiekin hitz egin behar da, behintzat, entzun behar zaie: sortzaileak, publikoa, antolatzaileak, kultura erakunde eta elkarteak. Azken finean, kultura horien artean gurpila bat sortzen da: sortu-erakutsi-disfrutatu-eskatu-sortu. Administrazioak gurpil hori koipeztatu behar du, eta, noizbehinka, kanpoko elementu berriak sartu behar ditu gurpilean, aberasteko. Gurpil hori ondo koipetuta badago, eta politikariek, beharrak ulertzen badituzte, erreferendumak sobran daude, hori bai agian egoera hori gure artean zientzia-fikzioa besterik ez da.