Korrika datorrela!!!

Korrika gure eskualdean sartuko da asteburu honetan. Gustatzen zait Korrika. Ez dakit nori bururatu zitzaion, baina ondo egin zuen. Euskal Herrian bi kultura-ekitaldi nazionalak besterik ez daude: Korrika eta Durangoko Euskal  Liburu Azoka. Agian besteren bat ere garrantzitsua izango da, baina nazio-erreferenteak, herri-erreferenteak, hauexek dira.

Uribe Kostako programazioa eta ordutegia

Korrikaren garrantzi sinbolikoa itzela da. Euskarako garrantzitsuaz gain, herria eta kultura sortzen du Korrikak berak. Ez da berria, baina azpimarratzea beti dago ondo. Euskal Herria osotik doa Korrika. Berdin da gobernua, administrazioa edo dena dela, Euskal Herria da jomuga, eta kultura-egitasmo komunean duten lurraldeak lotzen ditu, ez gehiago, ez gutxiago. Lurraldea esan dugu, baina horretaz gain, mota guztietako herritarrek parte-hartzen dute, edo hiritarrek, modan dago hitza eta. Lurralde lotura sortzen badu, herritarren arteko ere lotura sortzen du. Hor parte-hartzen dute: umeak, helduak, kultura-gizonak, irakasleak, langileak enpresa-buruak, politikariak, apaizak eta bekatoreak…

Liburu Azokan gauza bera dugu. Durangon egiten da, ez hiriburu batean, eta hor ere lotzen dira lurralde guztiak; administrazioek beti parte hartu ez arren. Herritar asko doaz, edo hiritarrak, modan dago eta, nahiz eta urtean liburu bakar bat erosten duen,  azokan egin dute erosketa hori, ez da militantzia, kulturaren kontzientzia baizik, ez da hartzen duen kultura, garena baizik.

Gure gizarteko bi kultur ardatz horiek: Korrika zein Azoka, erakunde pribatuek sortu zituzten duela urte asko: AEK-k eta Gerediagak hurrenez hurren, eta horiek urtez urte mantendu dituzte bere ekimenak, indarrez eta prestigioz, arazoak arazo. Gure instituzioek aitzitik, ez ziren gai izan, ez sortzeko ez mantentzeko; kultura-politikari dagokionez tamainakoa da bere ahulezia.

Horregatik guztiagatik, parte har dezagun Korrikan, bi urtean behin besterik ez da eta; parte har dezagun bere espirituan; uler dezagun bere zentzua eta bere garrantzia; eta manten dezagun kulturaren lekukoa, azken finean hori da kulturaren ezaugarri nagusietako bat: lekukoa bezala, pasatu behar dugu.

Post hau Sailkaturik ez atalean eta , , , laburpen hitzekin publikatua izan da. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

3 erantzun Korrika datorrela!!! -ri

  1. Nere postekin loturak: Korrika, batzen gaituena. | Uribe Kostaz hitz egiten

  2. Nere postekin loturak: Korrika, batzen gaituena. | Uribe Kostaz hitz egiten

  3. Nere postekin loturak: Azatzak 60: Korrika - Garaigoikoa

Utzi iruzkina