Aitortzen dut: ez dut Korrika ikusi. Antolatzaile madarikatuek aproposa egin dute. Nire herritik pasatu da lantegian nengoenean, lantegitik, ordea, lanorduz kanpo pasatu da. Gutun bat bidaliko diot AEKri hurrengoan, antolatu aurretik, nire egutegi eta ordutegia kontsultatzeko.
Jakin badakit Korrika oraindik ez dela amaitu. Hamaika TBn egunero martxa ikusten dut, ETB, Berria, Twiter… hamaika hedabideek sekulako segimendua ematen digute. Jakin badakit, Bilbon igandean helmuga izango duela, jai erraldoi eta guzti, baina ez da izango bera. Han badakit giro itzela egongo dela, eta ondo pasatuz gain, aldarrikatzeko eta disfrutatzeko parerik gabeko aukera izango dugula. Joango naiz, eta itzela izango da, baina ez da bera. [larunbatean idatzita dago testu hau]

(Argazkia: http://www.Hiruka.eus web gunetik jasota)
Kasualitatez, Hiruka birpasatzen, topatu ditut nire herriko bideoak. Udalak babestuta, antza, Hirurak Korrika osoa jarraitu du Getxon. Dena grabatuta egiteaz gain, kalitate onekoa da, batez ere ekitaldi hain dinamikoa grabatzeko, soinua ere garbi entzuten da.
Luzea izan arren, ikusi dut, badakizue, kotileo moduan, lagunak ateratzen direla; elkarteen eramaileen nor den; tontolapiko horrek lekukoa zertarako eramango duela; koño! tabernari batek eraman eta laguntza eman duela, pote estra merekiko du… Badakizue, normala. Hala ere, minutu bi ondoren konturatu naiz grabaketak hunkitzen nauela.
Aitortzen dut: korrika hunkitzen nau. Ez dakit zergatik. Ez dakit zein den hunkitzen nauen elementu konkreturik. Ez dakit zergatik berrehun desarrapatuek, edo batek, furgoneta atzean hunkitzen nauten. Ez dakit zergatik arraunlari morroskoek, irakasle suspenditzaileek, ikastolako ume astunek, funtzionarioek… hunkitzen nauten. Aztertzen nuenean pentsatu dut, agian, antolatzaileek zirela. AEK ez da izango hunkigarria, labore itzela egin arren, hunkigarriak… elkarteak ez dira. Agian Korrika-langileak. Ezta pentsatu ere. Furgonetan doazenek potroak jotzen dizkiete korrikalariei: eguzkiak (aurten ez), hotzak edo euriak jotzen duenean, haiek babes eta eserita. Gainera, kabroiek erritmoa beti aldatzen diete: – Arinago, arinago, berandu da eta!! – Astiro, astiro, ez dago presarik eta!! – Hango mutilak kanpora, pankarta atzera!! Batek baino gehiagok bere familia inbokatuko. Grabaketa osoan, alboetatik agertzen diren neska edo gizon arraro bat, baina ez dira batere hunkigarriak. Berdez jantzita, nortzuk dira? espontaneoak? San Ferminetan bezala telebistan ondo ikusteko kolore hori daramate? Bat-batean agertu, sprinta egin, eta di-da batean desagertu. Ez, ez dira hunkigarriak.
Aztertu ondoren, dudarik gabe, elementu ikusezinak dira hunkigarriak: euskara, jakina, ekitaldiaren ardatza eta kulturaren motor nagusia. Hala ere, hunkigarriena eta barrukoa jotzen duena herriaren mugimendua da, edo, hobeto esanda, mugitzen den herria, euskarak mugitzen duen herria. Jendetza dagoelako; gizabanako furgoneta atzean, bakartia, basamortuetan egunsentia ikusten duelako; lekukoaren hartzailek eta emailek, ezagutu gabe, elkar besarkatzen dutelako; aitak edo amak kotxean eramaten duten semeari lekukoa ematen diolako, esperientzia konpartitu nahian; atso edo agureak, hunkituta, eta malkoak daramala, esfortzuz, urguiluarekin lekukoa altxatzen dutelako; elbarriak; presoen aldeko eramaten duena, ez aldarrikatzeko (baita ere), urruneko presoek ere korrikan egoteko eta sentitzeko baizik…; baita udalak ere kolaboratzen duelako. Hortik dator, bai hunkigarritasuna. Horregatik guztietatik, eta askoz gehiagogatik, hunkitzen nau Korrikak
Dena den, Hirukan primeran ikusi arrren, datorren edizioan, antolatzaileak, mesedez! Nire agenda begiratu! Herrian zein lantegian ikusi nahi dut eta! Eskerrik asko!!