Urtero legez, Getxophotok gure herria argazkiz bete du. Urtero aipatzen dugu Getxophoto, eta urtero hasten gara goraipatuz. Izan ere, Getxon egiten den ekitaldi nagusietako bat da. Guztiei argazkiak gustatzen bazaizkigu ere, azken urteotan, hain erraza izanez, tribializatu egin da argazkiak egitea; ez, ordea, argazkigintza. Hainbeste selfie eta instagramen artean, benetako argazkilarien lana, komunikazio era eta artea jorratzen du Getxophotok.
Aurten, egun batzuk atzeratu da. Eskertzekoa da. Hasieran dauka beti Getxophotok puntu nagusia, seguru asko, jende gehiago parte hartu du ekitaldietan. Getxophotok hiru bide desberdinak eta gehigarriak lantzen ditu urtero.
Batetik, adituen maila; hor daude lehenengo ekitaldiak argazkizale baino gehiago direnentzat. Bestetik, argazkien mundua interesatzen zaionentzat esparrua; bisita gidatuak eta ekimen popularrak antolatuz. Amaitzeko, herritar guztientzako ekitaldiak, gustatu ala ez gustatu, hor daude herrian zehar dauden argazkiak.
Guzti horien artean ekitaldi txikiekin herria zipriztintzen eta inplikatzen du, besteak beste, Posavasos ibilbidea, haur ekimenak, edo herritarren argazkiak. Aipatzeko ere badira, beste ekitaldi batzuk, edo hobeto esanda, esparru batzuk, bereziak, Punta Begoña galerietan egindakoa, esaterako; aukera ematen baitigu leku ezezagunak ikusteko.
Lelo orokorra, Bidaiak, beti bezala, arrunta dirudi. Baina emaitzek eta erakusketek, gai horren arruntasuna puskatzen dute, adierazteko, ez ohikoa eta ustekabea leku orotan ezkutatzen dela. Zaila da esatea zein den nire gustukoena, zerbait esateagatik, Ereagan dagoen Elena Chernyshovak egindako lana, Errusiako herri bizi-ezina hori: Nerlisk. Argazkigintzaren boterea eta beharra ondo azaltzen du bilduma horrek
Dena den, garrantzitsuena, dudarik gabe, multzoa da, ekimen osoak balorizatzen du herria eta ezohikoa den leiho bat irekitzen digu. Irrikan gaude jakiteko hurrengo edizioaren detaileak.
Amaitzeko, igande honetan bisita gidatua euskaraz izango da, aukera ona bildumetan sakontzeko.
Inskripzioak: https://docs.google.com/forms/d/1YY2qF-fE2vrebuJhixzu05eE7uzIpaY-RTdbSKm26WU/viewform