Azken aste hauetan, bertakoek bi berri deigarri (historia arloan) izan ditugu. Alde batetik, Upsalako laborategiak eta Atapuercako ikerlariek ADN-ikerketa bat aurkeztu digute (Filoblogian artikulu interesgarri bat eta esteka guztiak). Egunkarietan plazaratutako berria tamalgarria izan da. Gehienek ez dute gehiegi ulertu (konplexu samarra da gaia eta); asko tendentziosoak besterik ez dira izan. Gainera, askotan, ez jakitea eta manipulazio politikoa nahastu da. Laburbilduz, kazetaritza-fakultateetarako material ezin hobea sortu da berri horri esker. Aprobetxa dezatela.
Beste aldetik, ETBk Baskoniako historia bat aurkeztu digu. Arduradunek ondo jartzen dutenez: HISTORIA BAT, ez HISTORIA, balore absolutuan ez dago eta. Pilotu izan da; eta zer eta Euskalduntze berantiarra eskaini digute (hautsak harrotu dute, jakina, horrelakoa da gaurko telebista eta). Saioak hipotesi ezaguna haizeratu du. Hipotesia da, onargarria, baina hipotesia. Egia da, kontrako datuak eta testigantza falta izan dira saioan, hipotesiaren hutsuneak ere bai (egon badaude), baina hipotesia da, eta ez baztergarria.
Dena den, hemengo helburua ez da horretaz eztabaidatzea, maestros tiene la iglesia. Berri biek, ostean, gure nortasuna ukitu omen dute, euskaldunak dauzkagun zutabe identitarioa ukitu bide dute, eta hori bai kezkagarria dela.
Gure gizartean, tradizioa oso garrantzitsua da, Burgosen ere bai; eta Katalunian, Eskozian edo Andaluzian, seguru asko, ere bai. Tradizio hori gure egileek eta ikerlariek landu dute aspaldi, zerrenda luzea da. Horien lanak gu (geure burua) ulertzeko ezinbestekoak dira.
Hala eta guztiz ere, gure nortasuna ezin da (eta ez da) oinarritu neolitoan, neolitoan geunden ala ez. Ezin da oinarritu ADN bat horrelakoa zen ala ez. Paleolitoan euskara hitz egiteak ala ez, ezin du baldintzatu gure nortasuna. Hizkuntzak eta kulturak ez dira jaiotzen une batean, kreazionistak ez bagara, nahasten eta aldatzen dira. Gure identitatea aspektu horiek guztiek hazten dute, baina dagoeneko gehituta daude; nahitaez, gure nortasunean dena dago, gure gaurko identitatean, hain zuzen ere.
Datozen urteetan, zientziak eta ikerketek ustekabe asko eskainiko digute. Aldaketa asko egongo dira, zientzia asko eboluzionatu(ko) baita: historia, genetikan… baita linguistika arloan ere zailagoa izan arren. Zaharrak berri, edo norbaitek uste du XIX. mendeko euskaldun ilustratu batek egun dakiguna zekiela? Orain pentsatu duguna pentsatu zuela? Eta ez zen euskalduna?
Irakurleak ez du pentsatu behar hemen idatzitakoa abertzaleentzat soilik kritika denik, ezta pentsatu ere. Españolista peto-petoak leku berberean daude, irakur dezagun, bestela, ABC edo El Correo. Nortasuna apurtzeko asmoarekin azpimarratzen zuten ADNko berria, nahiz eta ezer ulertu ez, azpian zegoen benetakoa izenburua zen: Los vascos no son vascos. Tontakeria hutsa.
Herri guztiek bere identitatea dute, herria izateagatik, nortasunik ez duten herriak ez dira herriak. Identitate hori, berriz, ez digu ematen iragan bat edo beste bat eduki izanak, iragana eta oraina izateak baizik. Bestela, galdetu kataluniarrei edo eskoziarrei ea gu bezain herri ez diren (espresio tuntuna izan arren, hori galdetzera eramaten gaitu planteamenduak).
Amaitzeko, eskola-kurriculetan kontzeptu batzuk sartu behar dira, gogoz eta premiaz: genetika, historia, etnia, hizkuntza, herria…. Batzuetan, ematen du jendeak (bereizten jakin behar zuen jendeak) edonola erabiltzen ditu. Penagarria da nahasketa irakurtzea, batzuetan manipulatzeko; gehienetan, horretaz gain, ez ulertzeagatik. Horrek bai, horrek gure nortasunaren parte garrantzitsu bat dirudi!!
Nere postekin loturak: Aste honetako loturak (weekly) | FiloBlogia