Kasualitatez ibili nintzen asteburuan Malakate plazan. Hor malakatea ikusi nuen, bazter batean utzita eta… zikin, oso zikin. Jakina denez, malakatea ez da elementu bakar bat, sare baten zati bat baizik. Lan hori harritzekoa izan zen bere garaian, eta estatuko lan modernoenetariko bat; izan ere, 1900ean hasi zuten lana. Malakateak, zein Elorrietako ponpa-etxea, egitura horren aztarnak eta lekukoak dira. Malakateetan, oso praktikoak izan arren, estetika ere landu zen. Estetika hori azpimarratzen da orain, inguru garaikidearekin kontrastatzen du eta.
Aipatutako hiri-testuinguruak abantailak ekarri arren, desabantailak ere badakartza, ez gutxi gainera. Plazako malakatea, adibidez, grafitiaz beteta dago. Ez dut grafitiaren kontrako diskurtso bat egingo, grafitiak hiri-kulturaren espresio ezaguna baitira. Ondo deritzot bere transgresio zamari. Ulertzen dut, sarritan, leku ezerosoan egin behar direla, batzuetan prezioa izan arren. Hala ere, kultura ondareko honelako pieza batean egitearekin ez nago batere ados. Ezin dugu ahaztu kultura ondareko elementuak, sarritan, paregabeak direla, kasu honetan ere bai.
Ohi den bezala, bi aukera izango ditugu. Bata, egilearen kontra jo, madarikatu, iraindu eta kulturarik gabekoa dela esan dezakegu. Bestea, gure buruari galde diezaiokegu ea egileak ba al zekien kulturako elementu itzela zela.
Malakateak egoera tamalgarri batean daude, guztiak: Malakatekoa grafitiz beteta; Ollarretxe kalekoa, inguru urbano utzita eta sastrakaz betea; Golf ondoan dagoena landareek jan egin dute; eta Andra Marikoa, egoera onenean, utzita eta zaindu gabe. Azken horrek, lorategi zaindua barruan dagoenez, sentsazioa hobea ematen du. Ez dago ikurrik, ez dago testurik, ez dago ezer esateko ondarea dela; aitzitik, sentsazio guztiek esaten digute hondakina besterik ez dela.
Udalak ahaztu egin du malakateak ondarea direla. Beste lekuetako pintadak azkar garbitzen ditu; belarrak mozten ditu; malakateetan, ez bata ez bestea. Azkenean, hondakina konponduezina izango dira (golfekoa dagoeneko ez bada). Orduan, esango digute bota behar direla arriskua sortzen dutelako. Ez da berria, noizbehinka, udaleko brigada baten ordu bete sartu beharrean, utzi egingo ditugu, kasurik egin gabe, arazoa desagertu arte. Nola esango diegu, gero, grafitiegileei, hori ez dela egin behar?
Nere postekin loturak: Getxoko Txatxarro latsarria eta iturria garbitu dute gazte talde batek | Uribe Kostaz hitz egiten