Esaten badugu hizkuntza bat kultura dela, guztiok erraz ulertzen dugu. Hizkuntza bat, ordea, gehiago da. Ekosistema oso bat dago hizkuntza baten barruan, kultura-ekosistema hain zuzen ere. Ekosistema horrek esango digu kulturaren osasuna, aberastasuna eta abar. Sopelako AEK-k 19. Esaera Zaharren Txapelketa egingo du larunbat honetan. Ez da makala, beste hizkuntzari buruzko 19 urteko ekimen bat ez dut gogoratzen. Sopelako formatua, gainera, dibertigarria da, eta, horregatik, gero eta herrikoagoa da.
Atsotitzek, egi sozialak komunikatzeko balio dute. Egi horiek normalean eskarmentuak ikasten digu, eta modu erraz horretan azaltzen ditugu portaera bat, balorazioak, zerbait egiteko moduak… Antzekoa egiten du erlijioak. Jainkoak (edo bere ordezkoek) esaten digu zer egin behar dugun, zer den morala eta zer ez.
Jakina. Orain badakigu egiak beti ez direla egiak, batzutan guztiz kontrakoa, gehienetan Egia letra larriz idatzita badago. Baina mendez mende horrela izan zen. Orain, aitzitik, ez dugu behar esaera zaharra bat eguraldia interpretatzeko, meteorologoek esaten baitigute, eta halako mila adibide, arlo guztietan. Beraz, esaera zaharrak galtzen ari dira, eta horrekin hizkuntza-ondarea (Kultura-ondarea) galtzen da (baita gaztelaniaz ere, azken finean, hemen bezala, egiak ez dira lehen bezalako egiak gure inguruko hizkuntzetan). Hainbat errefrauak, koplak, esaera zaharrak, atsotitzak eta abar esaten ziguten gure aiton-amonek, eta zenbat esaten dugu guk?
Ondare guztiak bezala, nahiz eta galdu, gehienetan erremediorik gabe, ondo dago jakitea hor dagoela (zeudela), eta gure kulturako zati garrantzitsua izan dela. Behin aztertuta, ikusiko dugu gure herria kostako edo barrukoa zela, abere- edo nekazale-herria, kaletarra edo baserritarra, erlijioso ala ez, kristaua edo paganoa, bere kanpoko eraginak, bere giza antolamendua… hamaika gauza, azken finean, esan dugunez kultura bateko isla dira.
Bitxia da Sopelakoa, urtez urte, gutxiz gutxi, ekimen propioa eta herrikoia egin du arlo zaila batean: hizkuntza. Dudarik gabe, lana itzela behar izan dute antolatzaileek ia 20 urteko ekimen lortzeko. Gakoak? Gogoak, urtero antolatzeko eta buruhausteak gainditzeko; umiltasuna, zerbait erraldoia ez egiteko, eta bere neurriko zein eragineko ekimena antolatzeko; eta originaltasuna, gai lehorretik, hizkuntza, kultura-ekimen partehartzaile, entretenigarria eta dibertigarria egiteko.
Informazio osoa: XIX. Esaera Zaharraren Txapelketa
Eskerrik asko artikuluagatik. Benetan estimatzen ditugu txapelketari buruz idatzitako berba xalo horiek. Arrazoi duzue: momentuz, ez zaigu falta ez gogorik, ez -ustez, behintzat- umiltasunik (ez gara ausartzen ezer esaten origilnaltasunaren gainean).
Aitor Fdez. de Martikorena
Sopelako “Esaera Zaharren Txapelketa”ren antolatzaile-taldearen izenean.
Nere postekin loturak: Apirilean natura berpizten da, kultura ere bai | Uribe Kostaz hitz egiten