Pozik dago Getxoko udala. Epaiak arrazoia eman dio, eta Antzoki berriaren tramitazioa, antza, legala izan da. Balio handiko ebazpena izan da hori alkatetzarako, beste partiduei, PPri batez ere, muturreko galanta ematen die eta.
Hala ere, betiko arazoa du antzoki berriak, Erromoko kultura egoitza berria bezala, hau da: zer egingo da han bertan? Ze kultura-politika egingo da? Nola aldatuko den aurrekontua?
Blog honetatik politika bera mantendu dugu, beti: Antzokia handia da, Erromoko kultur etxea ere handia da. Bai. Baina handiegia, nahikoa edo txikiegia den jakiteko kultura planak ikusi behar ditugu. Tamalez, nik, behintzat, ez dut ezer berria ikusten Zehatz-zehatza Musika eskola Algortara joango dela dakigu. (Adi egon, Sozial antzokian lanaren bat berehala hasiko da, zerbait egiteko, beti bezala, desitxuratuko dute eraikina, eta lan erraldoiak ikusiko ditugu).
Musika eskolaz gain, ez dakigu gehiegi, dantzarako leku aproposa egongo dela, antzerkirako eszenatoki duina, entseguak egiteko lokal egokiak… baina zehaztasuna falta da. Getxok azpiegitura berriak behar zituena bistan zegoen, horrelakoak izan behar zirela eztabaida liteke, tamainaren egokitasuna, aitzitik, udalak demostratu behar du, eta nik orain arte, ez dut ezer ikusi.
Gainera, kontuan hartu behar dugu, kultura jaitsi dela gure auzoetan, udalak esfortzu egin du lokalak ordezkatzeko, baina alperrik, kalitatea jaitsi da, eta gure semeek, adibidez, ez dute ezagutu antzoki on batean zinemarik, antzerkirik edota edozein horrelako ekitaldirik.
Horregatik, ondo egiten du udalak pozten denean, ilegaltasunarena PPren bataila izan da eta, PPk berak behin baino gehiagotan egungo egitasmoa batzeetan onartu arren. Hala ere, alkateak ez du haserre behar beste taldeek bere kultura politikaren kontra egoteagatik (badago), azken finean, horretarako daude partiduak.
Egindako oposizioa, Bildurena batez ere, aro baten amaiera izan behar lukete. Eraikin erraldoiaren aroa. Agian onura asko ekarri zigun Guggenheimak, baina gaitza galantak ere bai, eta horietatik txarrena eraikin erraldoiarena da. Ezin da eman zerbitzua eraikin normal batean?
Kasu honetan tamaina garrantzitsua izango da, baina betiere ekitaldiz eta zerbitzuz betetzen bada; ateak irekita badaude, herritarrak disfruta eta erabil daitezen, bai ikusle moduan, bai kultura-eragile moduan. Esan dugunez, hori ez da sumatzen, eta susmatzen dut eraikina prest egon arte ez dugula ikusiko. Inprobisazioa kulturako ona da, baina kultura-politikarako bat ere ez.