Gure testuinguruan ez dira aurkezten kultura ondarearekin loturak dituzten udal-mozioak ia-ia inoiz, fundamentuzko behintzat. Noizbehinka, alkate bat izorratzeko zerbait ateratzen da: Etxe hori botako dutela, baserri hori kontserbatu behar dela, aztarnategi hori gure kulturarako funtsezkoa dela… normalean arrazoia izan arren, gehienetan, benetako zioa ez dago ondarean, izorratu besterik ez dute nahi.
Getxo desberdina da. Udal horretan, talde politiko guztiek jarri dute mozioaren bat ondarea defendatzeko (kultura ondarea jakina). Beti dute arrazoia, eta bere jatorrian, dudarik gabe, izorratzeko asmoa badute ere, askotan ondo planteatzen dira.
Memoriaz kasu batzuetaz gogoratzen naiz: gogoratzen dut, adibicdez, PPk behin oso kezkatuta zegoela Neguriko geltoki zaharrarekin (non eta Negurin!); izan ere, kultura-ekipamendu bihurtu nahi zuen. Ekipamendu ez bihurtzeaz gain, hasierako zarata behin pasata, geltokia, utzita, bere horretan dago.
Esker Abertzaleak ere, bolada batean, gogoz eskatu zion udalari Punta Begoñako lotsakeria amaitzeko, gogoz eta bolada luze batean. Zoritxarrez, hauspoaren falta omen dago, eta orain ez da gehiegi entzuten. Zarata gutxiago egin zuen PSEk ere Punta Begoñarekin (Ezker Abertzalearen kontua ote zen?), baina alkatetzari kritikatu ere egin zuten, arrazoiaz,
Orain, Punta Begoña ahaztuta dago, arkupeek beraiek gogoratzen digute hor daudela, bere heziez, bere belarraz… Hor daude alkatea eta hirigintzako zinegotzia ere (Kulturako ez omen dago), biek arkuei so egiten noiz eroriko oso irmo dagoen egitura.
EAJ-PNVk ez du ezer esaten, boterea du eta. Dena den, egitasmo bat ere ez du aurkezten. Beste batek egiten badu, onar lezake, baina bere proposiziorik ez dugu ezagutzen. Barkatu, norbaiti etekin komertziala izanez gero, proposizioak onartzen dituzte, besterik ez: Barcelo, Punta Begoñan, eta ostalari ezezaguna Printze gotorlekuan, besteak beste. Krisiari esker, enpresarioak desagertu bide dira, eta, aldi berean, egitasmoak ere desagertu omen dira: bata zein bestea utzita (hobeto utzita txarto baino).
Pasa den astean, Sozialista-taldeak mahai gainean jarri zuen Galeako Printzearen gotorlekua: utzita, botilatzar artean… Askotan Getxoko erabiltzen den ikonoak lotsa ematen du. Arrazoia zuten sozialistek, goitik behera. Hala eta guztiz ere, astebete bi pasa dira eta gaia ere pasatu da.
Ematen du kultura-ondareko gaiak ez direla gauza tentsioa mantentzeko. Konbikziorik gabe ateratzen dira, edo udalak aurkitu du desaktibatzeko era; nik, aukeran, konbikzioarena esango nuke.
Bitartean Bizkaia Zubi berria berrinauguratu da, eta PPk eskatzen du “Vuelta a España”-ko etapa bat Getxora heltzeko. Berdin dizkit kirol kontuak, normalean urrun nahiago ditut ez izorratzeko, baina hori kostatzen denarekin Punta Begoñako berreskuratzeko proiektua egin liteke, eta, ziur aski sobera legoke, Neguriko geltokiarena egiteko. Horrela da bizi gareneko lekua!