Oporretatik oraindik errekuperatu gabe, eta Getxoko kaleetan Getxophoto agertzen zaigu. Bosgarren edizioa izan arren, oraindik harritzeko gaitasuna ez du galdu.
Errepikatzen gara, baina esan behar da: Getxophoto Getxoko kultura-apustu modernoena da. Bai formatuak bai gaiak oso arrakastatsuak dira, eta, gainera, gure inguru zabalean ezin da ikusi antzeko zerbait.
Argazkilaritza ikusteko erosoa bada ere, oso gutxieneko artea da. Hori gutxi balitz, oraingo digitalizazioarekin, edonork egiten du mila argazki telefonoz, kameraz edo edozein tramankulu modernoagoz. Hala ere, jende gutxik ulertzen du keinu banala horretan artea edo mundua ulertzeko/azaltzeko modu bat egon litekeela. Izan ere, gure museoetan, batzuk primerakoa, argazki gutxi dago. Nahiz eta argazki-erakusketa egiten diren, tabernetan batez ere (Getxoko Satistegi tabernan besteak beste), Zarautzera joan behar dugu horrelako instituzio egonkorra bisitatzeko: Photomuseum. Horregatik hain zuzen ere, argazkigintzan hutsune galanta aurkitu du udalak, eta bete egin du. Formatuak ere aipagarriak dira, batzuk harrigarriak, beste batzuk ulertezinak (Sireno oraindik ateratzen da programan. Ito dezatela, mesedez!!). Kartelak, pankartak, erakuste-gune arraroak, lonjak, erakustaretoak… itsasoa ere balio du argazkiak erakusteko. Auzokideekin eta bikotearekin eztabaidatuko dugu gero aproposa iruditzen zaigun ala ez, baina hor daude. Udalerrian sakabanaketa(edo alde handian behintzat) ere mundiala da. Poz egon liteke alkatea ikusten duenean herritar askok foileto besopean daramala argazkien bila. Oso irudi polita da eta biztanleei dagokienez esanguratsua.
Hala eta guztiz ere, harrigarrienak gaiak dira, ausartak dira eta. Iazko swingerri buruzko erakusketa ausarta izan zen, batez ere eskuineko udal batean. Hortaz, moral ezagatik, kritikatu zuten herriko progresistenek. Aurtengo gaiak ez darama sexu-estigma, baina bezain ausarta da: Zaharrei gorazarre. Gure kaleak zaharren argazkiekin bete egin dituzte. Denetarik entzun dut: deprimentea dela, bitxia dela, jende normala agertzen dela… baina bizitza da, bizitza eta arte, edo nahiago badugu, bizitza eta gure ingurua ulertzeko era bat: bizitza eta argazkigintza. Bilduma batzuek harritzen gaituzte, beste batzuek tristezia ematen digute, baina zaharren mundua eskaintzen digute, eta, gainera, nork esan du artea alaitzekoa dela?
Alkatea ikusi nuen Portu Zaharreko barietateko gogo zaharrak begiratuz, paisanoz zegoen. Keinurik gabe begiratu zuen bilduma. Ez dakit gustatu zitzaion ala ez. Berdin da, meritua kasu honetan da ideia bat bultzatzea eta arrakastatsu bihurtzea. Gustatu ez zaio behar, baina ziur-aski zerbait gustatu zitzaion, gustu guztietako bildumak daude eta.
Bikaina ere irakurtzeko txokoa, argazkigintzan sakontzeko, gutxiengoentzat agian, baina beste errekurtso bat Getxophoto borobiltzeko.
Epe luzea da hilabete bat, beraz, agian, tentsioa gal daiteke denbora pasa ahala; aitzitik, lehengo bi asteko emaitzak ezin hobeak dira. Ez da amaitu aurtengo edizioa, eta irrikan gaude jakiteko zertaz izango den datorren urtekoa. Zorionak! Hori bai prestigio ematen zaiola Getxori!