Sopelako Aitxu! kultur taldea berba-txango bat antolatu du pasa den asteburuan. Txangoa Sopela eta Berangoren arteko Munarrikolandako megalito-gunera izan da. Arkeologo batekin hogeiren bat lagun hurbildu ziren megalitoetara. Hasieran euri-tanta batzuk erori arren, eguraldi ona mantendu zen, eta aukera on bat izan zuten gure inguruko ondarea ezagutzeko.
Munarrikolanda 2 tumulua
Aurre-historia dagokionez, gure eskualdean oso lagin gutxi dugu. Dauzkagunaren batzuk, aitzitik, oso adierazgarriak dira. Hemen, Munarrikolandako mendilerroan, tumulu eta trikuharri eskukada bat dugu. Bere egoera nahiko irregularra da, beraz, tumulua ikusteko ezinbestekoa da belarra moztuta egotea. Normalean Bizkaiko Foru Aldundiak mozten badu ere, sasoian arabera ikusgaitza izan daitezke.
Tumuluak neolitikotik brontze arora erabiltzen dira nagusiki. Hilobiak besterik ez dira. Harrietako kutxa bat egiten zen normalean (trikuharria edo zista), eta han usten ziren gorpuak (gehienetan multzoko hilobiak ziren). Askotan, hildakoekin zerbait jarri zuten, aizkora/aitzurra txiki bat, sukarrizko lanabesaren bat, zeramika zati bat edo lepokoaren aleren bat, beste batzuetan ez da ezer aurkitzen. Gorpuen arrastoak ez dira ohi agertu, lurraren ezaugarriek desagerrarazi dituzte eta. Multzo hau estaltzen da harriz zein lurrez.
Hori da ikusten duguna, tontortxo bat lurrean. Tontor hori 20 metrotik 4 metrora neur daiteke, eta bere altuera 20 cmtik 4 mtara. Hala eta guztiz ere, hau ez da bere jatorrian zuen neurria, baizik eta gure garaira heldu zaiguna, erabilia eta higadura pasa ondoren.
Munarrikolandan agertutako aitzurra
Kokapena ere bitxia da, normalean mendilerroan, gailurrak jarraituz, beti multzoetan. Horregatik, historikoki bere arriskuak gutxi izan dira, orain, ordea, bai antenek, bai parke eolikoek, bai hirigintza basatiak tontor horiek mehatxupean jarri dituzte.
Megalito-gune horretan zazpi tumulu ditugu: Goikogana, Munarrikolanda 2, Munarrikolanda 1, Saierrikolanda2, Saierrikolanda 1, Saierri Muinoa eta Saierri, ekialdetik mendebaldera. Horretaz gain, inguruan beste aztarnak agertu dira, txikiagoak izan arren.
Ikertu gabe daudenez, ezin da jarri data finkoren bat. Aitzitik, gure arbasoek hilobi horiek Neolitotik Brontze arora erabili zituzten, eta, batzuetan, bere erabilera Burdin arora ere heldu da, erritoa desberdina izan arren. Hau da, orokorrean, K.a 4. milurtekoan hasi zen eta 2. milurtekoan erabilera utzi zuten, lehen egiten zen bezala behintzat.
Eskertzekoa da ondare hori ezagutzeko Aitxuk eman digun aukera. Dena den, gure kabuz ere joan gaitezke, erraz gainera: Berangoko hilerritik ateratzen den pistatik, edo Sopelako Urkotik erraz joaten da. Berangotik, batez ere, ondo seinaleztatuta dago, eta galtzeko modua ez dago.